24/09/2026 a las 14:07h.
Euskararen arnasgune diren herrietako gazteei euskararen inguruko hausnarketa egiten duen ikus-entzunezko lehiaketa da Arnasetik. Aurten bosgarren urtez antolatu da hamar eta hamasei urte bitarteko gazteentzat eta kategoria bakoitzeko taldeek, bideoen bitartez erronka ezberdinei erantzun beharko diete.
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatzen dute lehiaketa, gazteei beren herriko hizkuntza-ohiturei erreparatzea helburu duena. «Arnasguneak zaindu eta indartu behar ditugu eta, aldi berean, arnasguneen indarra lurralde osora zabaltzeko gai izan behar duguHorretarako gazteak ezinbestekoak dira», adierazi zuen Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak lehiaketaren aurkezpenean, Jabi Arakama Euskarabidea Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearekin eta Martin Aramendi Uemako lehendakariarekin batera.
Ikasle gazteenek, LH 5. eta 6. mailakoek 'Dakienak, ba al daki?' galdera erantzuten saiatu beharko dira, beren herriko berezitasun erta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa antolatuz. DBH 1. eta 2. mailakoek, berriz, 'Ongi etorria' izenburuko erronka osatu beharko dute, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek, 'Eusle mode on' izenburuko erronka landuko dute, sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko gogoeta eginez.
Ikastetxeetan lehiaketako gaiak lantzeko ere material berriak prestatu dituzte. Horrela, Asmazank plataforman gaien inguruko galdera sortak jarri dira eta ikastetxeentzako bideogintzari buruzko webinarra antolatu da, bideoak nola sortu azaltzeko.
Erronkei erantzungo dieten bideoak aurkezteko epea datorren urriaren 30era arte egongo da irekita arnasgunea.eus webgunearen bitartez. Kategoria bakoitzeko irabazleek 500 euroko bonua jasoko dute eta beste 500 euroko publikoaren saria ere banatuko da.